XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Geroago Euskal Herri osoan sartu zen apurka apurka kristau-erlijioa, aurreko garaietan asitako latin-erdaldun bihurtzearen abiada ahulduari indar berriak emanik dudarik gabe.

Baina, dirudienez, ez zuen aski botere izan zeharo erdalduntzeko batez ere iparralde menditsua, eta, askozaz ere geroago, Eleiza bera ere neurri batean bederen euskaldundu egin zen.

Nafarroako erreinua bera ere latinezko administrazioari indar emanik agertzen zaigu Historian.

Euskara izkribuetan erabiltzea gauza bitxia eta bakana zen, nonbait.

Egia esan, visigoto eta frankoen garaian latinez ere ez dirudi kronikarik egin zenik.

Behintzat ez da ezer gure ezagumendura heldu.

Orduko berri eskasak besteen kroniketatik dakizkigu.

Har-eman gaiztoetan genbiltzan eta beti gaizki mintzatzen dira gutaz.

Ilun ageri zaizkigun garaiotan erdalduntzearen indarra ez zen beste alderdi batzuetakoen parekoa, agian, visigotoak eta frankoak beren hizkuntzak zeharo galtzera heldu baitziren eta euskaldunak ez.

Badirudi geroztik ageri zaigun hizkuntza biren ekilibrioak oinharriak eginik zituela ordurako.

Baliteke hori izatea latinezko kronikarik ez agertzearen arrazoia.

Gure hizkuntza ahoz mintzatua izan da batez ere eta ez izkribuetan erabilia eta hala iraun du bizirik menderik mende, kontra zituen indar guztien artean gailen aterarik.

Baina kontrako indarrok ere mila urte igarota ura bere bidean.

Dudarik ere ez dago izkribuetan ere erabili izan balitz erromatarren debekuaren indarra galdu bezain aguro ekilibrioa bere alderago eroriko zela.

Baina urak joandakoan ezin egin da presarik.

Gainera Orienteko izar diztiratsuaren argia latinez zetorren, dena kristau bihurturik.

Gure artean ez zen Ulfilas bat sortzea posible izan, hizkuntza gotikoan izan zen bezala, eta inork ez zuen liburu saindurik euskarara itzuli izan, amaseigarren mendean Ioanes Leizarraga protestante beraskoiztarrak, beste batzuek lagun zituela, egin zuen arte.

Eleizak latina zekarren.

Kristau erlijioa boteretsuen eskuetan tresna egokia gertatu izan zen eta zerga-iturria leku askotan.